Bilboko Afrika txikian kokatu du Arretxek bere azken nobela

Guaixe Sakanako Astekaria 2012-06-07 10:39   Kirola  Arbizu Jon Arretxe Beleixe Irratian (FM 107,3) izan da aste honetan, argitaratu duen 19 kamera (Erein) nobela beltza aurkezten. Paris, Lisboa, Istanbul-Munich, Tanger-Bamako... munduko bazter askotan kokatu dira Arretxeren azken nobela beltzak. Gainera, literatura-saga bati hasiera eman dio. Nobela beltzeko idazle klasikoen antzera, etorkizunean bere idazlanen protagonista izanen den pertsonaia bat, detektibe bat sortu du. Eta gainera, hainbaten eskaerari men eginez, Arretxek Euskal Herrian kokatu du 19 kamera liburuko akzioa. PertsonaiaToure abizena du eta Bvurkina-Fasokoa da, 30 urtetik gora ditu eta Parisen alaba bat du. Detektibe sartu den ohiko polizia ere ez da. Zerbait "orijinalago" sortu nahi izan du Arretxek: "bururatu zitzaidan auzoan urte pare bat daraman eta egoera irregularrean dagoen eta patera-pisu batean bizi den beltz afrikar bat izatea protagonista". Auzotarrak bizi-iraupena da dute helburu, krisi garaian gehiago. Testuinguru horretan, "Toureri bururatzen zaio txartelak banatzea eta igarle gisa saltzea bere burua. Afrikan halakoa oso normala da, asko dago". Bera ez da ez igarle ez azti. "Plantak egiten ditu, jateko. Hasiko da deiak jasotzen eta era guztietako kasuak jasoko ditu. Eta bera nahi gabe halako sasi detektibe bihurtuko da". KokapenaArretxek Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, Euskal Herrian hiri askorik ez dugu. Dugun hiri bakarra Bilbo dela esan liteke. Eta Bilbo barruan San Francisco auzoa, mikro-mundu bat delako. Afrika txiki bat da"Aurreko liburuetan bezala, nobela beltza gertatzen den tokian bizi izan da Arretxe, San Francisco auzoan. "Inspiratzeko eta deskripzioak egiteko errazagoa da. Lekuak ongi-ongi ezagutzeko ere". Sanfrantziskotarrak ezagutu eta auzoan bertan pisu bat utzi zioten. "Lastailetik hona, Arbizu eta San Francisco artean bizi izan naiz. Ia astero joaten nintzen. Auzoaren erdian zegoen pisua eta bere balkoitik, talaitik ikusten nuenarekin bakarrik bazegoen nobela batzuk idazteko". Idazleak Euskal Herriko gizartearen bi muturrak erakutsi nahi zituen. Auzo baztertu bateko gizartea eta aristokrazia puntua duen gizarte horrekin kontrajarri nahi du liburuko traman. Nobela umore klabean irakurtzea aholkatu du egileak.Bi ahots19 kamera izenburua du liburuak, auzoan 19 kamera finko daudelako. Nobela beltzeko bi narratzaileetako bat dira kamerak, gertatzen den guztia ikusten dutelako. Dena jasotzen dute eta hirugarren pertsonan kontatzen dute. Nagusia, Toure bera da narratzaile nagusia, lehen pertsonan aritzen dena.Arretxek idazlea izatea ofizio du, eta oso gustura dabilela idazten aipatu du Beleixe Irratian (FM 107,3). "Hortik bizitzeko urtean liburu bat atera behar da. Eta gero suertea eduki eta ea ongi saltzen den". Aldi berean, bi hizkuntzetan argitaratu du Arretxek liburua. Cristina Fernandezek egin du azala eta gaztelaniako itzulpena. AuzotarrezIlusio handiz hartu omen dute Arretxeren asmoa. "Salaketa sozial asko egin behar dira. Gauza txar asko dago, baina salatu beharreko gauza dago. Bertako jende asko dago gobernuz kanpoko erakundeetan lanean. Koordinadora batean biltzen dira, eta halakoa behar zutela esan zuten. Espero dut dezepziorik ez hartzea".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa 

Laguntzaileak